Erakusteka historikoa

 

RAKETISTEN IBILBIDEA (1917-1980)

Frontoian jokatzen zuten emakume hauek mundu mailako lehen kirolari profesionalak izan zirela uste da. Aurretik emakumeak pilotan jartzeko saiakerak egon ziren arren, 1917an Ildefonso Anabitarte enpresari donostiarrak neska gazteak eraman zituen Madrila eta han jokoan jarri zituen. Egurrezko raketa sendoekin eta teniseko pilotarekin hasi baziren ere, berehala hartu zuten larruzko pilota. Frontoi txikietan abiadura ikaragarrian jokatzen zuten batere babesik gabe ; espektakulua ziurra zen.

Arrakasta lagun, frontoiak hedatuz joan ziren Espainiar Estatuan nahiz Ameriketan. Zabalkuntza honek pilotariak eskatzen zituen, eta horrela sortu ziren raketa eskolak.

Etxetik 15 urte ingururekin  joan eta pilotan trebatutakoan dirua etxera bidaltzeko modua egiten zuten gehienek. Emakume aitzindari hauek Euskal Herrian gaizki ikusiak  izan ziren, oro har, garaiko emakume moldearekin bat egiten ez zutelako; kanpoan ordea, arrakasta dastatu zuten askok.

Horregatik, “RAKETISTAK LEHEN ETA ORAIN KULTUR KIROL ELKARTE”-tik isiltasunean iraun duen pilotari hauen istorioa agerian jarri nahi dugu.